Zubiak
Zubiak
Aizarnazabal udalerria Urola ibaiaren ibar ertzetan zabaltzen da. Hiru zubi lortzen dituzte ibaiertzak.
Zubialde
Zubi honek zuzenean lotzen zuen Aizarnazabalgo herrigunea Zarauztik eta Getariatik Urola ibaiaren haranean barruratzeko abiatzen zen bidearekin. Errege-bide hura behin eta berriz aipatzen da XVI. mendean zehar eta mende honi legokioke zubiaren arkitektura. Halaz ere, zoritxarrez, ez dugu data zehaztuko ligukeen beharreko dokumenturik eskura izan.
Antzeko ezaugarri teknikoak eta neurriak dituzten beste eredu batzuetan oinarritu gara proposatu dugun data hori ematerakoan. XVII.mendeko lehen erdialde arteraino atzera genezake gehienez, tipologia honi zegozkion obrak egiten baitziren orduan ere.
Zubiak bere horretan mantendu ditu harlanduzko ganga ederrak, pilarea eta zubibularra, harlanduz taxutuak bi hauek ere, baina estriboetan eta tinoanoetan berrikuntza ugari egin dira eta baridudi zati batzuetan hautsi egin zutela hasierako egitura jatorrizko maldak zertxobait leuntzearren.
Gisa berean, badirudi orain hain zorionekoak izan ez diren berrikuntza batzuk egin direla zubian.
Zubi zaharra (Iraetako zubia)
Iraeta auzotik hurbil dagoen Urola gaineko zubi hau oso kontutan hartzekoa da bere ezaugarri nabarmen eta garrantzitsu bat dela eta: sei begiko bakarra da Gipuzkoan. Sei arkuak beheratuak eta neurri berekoak dira. Ez du zubibrankarik et oinak nahiz gangak harlangaitzezkoak eginak dira.
Ezaugarrien bakantasunak eta Zestoatik Aizarnazabalgo baserri batzuetara joateko bide bakarra zela garai batetan kontutan hartzekoa da. Gaur egun Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiari esker zaharberritua dago eta oso egoera onean.
Etxabeko zubia
Etxabe auzorako sarbide nagusia da Etxabeko zubia.