Denon arteko eta denontzako aurrekontuak 2016

Denon arteko eta denontzako aurrekontuak 2016

Legegintzaldi honetan ere aurrekontu parte hartzaileen bidean sakontzen jarraituko dugu. Horretarako, azken urteotako dinamika arrakastatsuak mantentzea bete beharreko gutxienekoa izango da. Aurreko urteetako lanak argi erakutsi du aurrekontuena tramite hutsa baino sakonagoa den gaia dela, eta horretarako bideak emanda herritar askok hartzen duela parte prozesuan. Herritar gehienek dinamika hau begi onez ikustea lortu dugu, eta ehundaka izan dira prozesu ezberdinetan parte hartu dutenak ere.

Ohiko azalpen eta aurre lanketa honetaz aparte, iazko prozesuak emandako emaitzetatik abiatzen garela izan behar dugu kontutan. Horregatik, iazko prozesutik burutu gabe geratu diren ekimenek lehentasuna izango dute aurtengo aurrekontuak diseinatzerakoan.

Alde honetatik, egindako lan “pedagogikoak” aurrera begirako oinarri sendoa ematen digula nabarmendu behar dugu. Dena den, argi daukagu aurrekontu parte hartzaileak urtez urte hobetzen, aldatzen edo moldatzen joan behar diren prozesu dinamikoak izan behar direla.

Beraz, uste dugu parte hartze zuzenaren norabidean beste pauso bat emateko momentua heldu dela, eta orain arte lortutako dinamikei eusteaz aparte, beste bide berri bat ere zabaldu behar dugula.

Bide berri horrekin herritarren erabakitzeko ahalmena edo boterea indartu nahi dugu, laburrean esanda; aholkulari edo gomendio emaile papera izatetik erabaki efektiboak hartzera pasatzea.

Badakigu rol aldaketa hori ez dugula egun batetik bestera lortuko, eta hasiera batean ezinezkoa izango dela modu orokorrean martxan jartzea. Horregatik, aurten zabalduko dugun bide berri hau proiektu konkretu batzuen inguruan martxan jartzea proposatzen dugu. Esperientzia mugatu bat burutzea denboran eta bere eragin eremuan.

Etapa berri honi ekiteko, Aizarnazabalen garatuko ditugun parte hartze prozesu guztiak barnebilduko dituen irudi berri bat kaleratu eta promozionatuko dugu. Parte hartzearekin eta demokrazia zuzenarekin erlazionatutako prozesu herritar guztietan erabiliko dugu irudi berri hori; aurrekontuen diseinua, auzolanak, hirigintza jardunaldiak, kultur proiektu integrala ,…

Filosofia edo lan egiteko modu honetan emango ditugun pauso ezberdinak norabide berdinean doazela azpimarratuko du irudi berri honek.