Berriak
Atzealdea Zer berri abenduan
2023·11·30
Gaiak
1. Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoaren aurkezpena
Iazko ikasturtetik UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), Basakaitz Eskola, Guraso Elkartea eta Aizarnazabalgo Udala elkarlanean ari gara Euskara eta Kulturartekotasuna proiektua eskolan sustatzen.
Helburua, gure eskolan euskara komunikazio-hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea da haien parte-hartzea bultzatuz.
Abiapuntua hezkuntza komunitatea bada ere, herrira zabaldu nahi dugu egitasmoa. Hau horrela, abenduaren 1ean, ostirala, arratsaldeko 18:00etan proiektuaren aurkezpena egingo da Basakaitz Eskolan, herritar guztiok gonbidatuta zaudete bertan parte hartzera.
Oharra: Etxera bidali zaizue aurkezpen orria proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko
2. Euskararen nazioarteko eguna
Euskararen Egunaren harira, abenduaren 1ean hainbat ekintza izango dira:
- 14:30etatik 16:30etara puzgarriak frontoian.
Ondoren txokolatea banatuko da . - 18:00etan Euskara eta Kulturartekotasuna egitasmoaren aurkezpena Basakaitz eskolan.
Ondoren, udaletxe aurrean euskararekin harremana duten argazki eta esaldiz betetako murala apaintzeko aukera izango da, ekarri argazkia eta pentsatu euskarari lotutako esaldia. Asteburuan zehar ere aukera izango da apaintzeko.
Animatu parte hartzera, hazitik erein euskara!!
3. Errege kabalgatarako laguntzaileak
Urtarrilaren 5ean ospatuko den kabalgatarako laguntzaileak behar dira. Batik bat 12tik 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago mezua.
Bertan parte hartu nahi duzuenok izena eman dezakezue liburutegian abenduaren 15a bitarte.
Oharra: Behar diren partaideak baino pertsona gehiagok izena ematen badute zozketa bidez erabakiko da
4. Gabon eskea
Urtero bezala Alaitsu Musika eta Dantza Eskolako kideak abenduaren 24an gabon eskean aterako dira. Goizean baserriz-baserri ibiliko dira auzoetan eta eguerdi aldean herrian zehar kalejira egin eta Herriko plazan amaituko dute.
5. San Silvestre lasterketa
Abenduaren 31an eguerdiko 12:00etan, Aizarnazabalgo kirol batzordeak aurtengo urteari San Silvestre lasterketarekin emango dio amaiera. Ibilbide eta beste edonolako xehetasunak ondorengo egunetan zehaztuko dira eta ohiko informazio puntuetan jakinaraziko dira.
6. Zampano garagardoak bisitatzeko aukera
Etxezarreta poligonoan aurkitzen den ZAMPANO GARAGARDOAK gonbita luzatu nahi die herritar guztiei bertara gerturatzeko. Bisita egiteko aukera dago pikoteo, bazkari edo afari-merienda batekin.
Gerturatu nahi duenak telefono hauetara deitu dezake eguna eta ordua zehazteko: 605 701 679 / 657 791 333