Berriak

Atzealdea Aizarnazabal Biziberritzen

Herritarrei zuzendua

2026·01·08


 

Herriko zerbitzuen inguruko kezketatik abiatuta, Aizarnazabal Biziberritzen taldea osatu dugu. Aisialdi ereduaren kezka batu zitzaion hasierako hari eta orain, urte berria ate joka dugun honetan, beste arretagune bat dugu: Uztarri, herritarren bilgune esanguratsuenetako bat, ateak ixtera doa.

Zerbitzuek eta balidabideek pertsonen joan-etorrian daukaten eragina ikusita, egoerak zer pentsatua ematen du: irudikatu al duzu zein izango den aurrerantzean herriaren itxura, non mugituko den jendea, kale-bizitzarik nabarituko den Aizarnazabalen...? Zerbitzu eta elkarguneak murriztuta, lotarako herri izatearekin konformatu behar al dugu? Non biziko dira gure gazteak? Non haziko eta eskolaratuko haien umeak?

Horren aurrean, udalarekin elkarlanean, zerbait egin beharra dagoela uste dugu eta Uztarriren eraikina horretarako aukera bihurtu daiteke. Horregatik, izaera sozial eta publikokoa izatea nahi dugu, udalak hori eskuratzeko ahalegina egin dezala, toki arrotz bilakatu beharrean, herritarren esku egon dadin. Izan ere, sinbolismoz betetako eraikina da, baserri itxurako apurretakoa, herriaren erdigunean, beste udal eraikinen ondoan eta plazako lanen indarberritze helburuarekin bat egingo luke.

Asmo hau azaltzeko, urtarrilaren 5ean, 9an eta 16an, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era, mahai informatiboa jarriko dugu udaletxe azpian. Horrekin batera, sinadura bilketa egingo dugu egun horietan Uztarri herriarena izatea eskatzeko. Udalari prozesu honetan babesa emateko tresna gisa erabiliko dira sinadurak, herritar gehienon nahia hori dela adierazteko eta etorkizun laburrean egin beharrekoen aurrean, elkarlanean aurrerapausoak emateko.

Zure kezkak gureak ere badirelako, azaldu informatzera.

 

Bilera irekia, herritar guztiei

  • Eguna: urtarrilak 21, asteazkena.
  • Ordua: 18:00ak.
  • Lekua: gaztetxean.