Noticias
Atrás Aizarnazabalen euskara indarberritzeko eta ahalduntzeko marko estrategikoa
24·07·2025

Aizarnazabal euskararen arnasgune bat da, hau da, herritarren % 80 baino gehiago euskaldunak dira; eta, oro har, eroso eta normaltasunez erabiltzen da euskara egunerokoan. Gainera, UEMAko kide da. Dena dela, azken urteetan gero eta kezka handiagoa ari da sortzen euskararen erabileraren inguruan.
Azken urteetan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) egon da martxan udalerrian, eta UEMAk izan du ardura plana betearazteko eta jarraipena egiteko. Aurten, hausnarketa prozesua egin da euskararen erabilera sustatzeko zein erronka dituen aztertzeko, eta horren arabera Eusko Jaurlaritzaren AROA marko berrira egokitutako plangintza berri bat diseinatzeko. Egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu eta aurrera begirakoak diseinatu dira.
Udalak abiatu du prozesua UEMAren aholkularitzarekin eta hainbat herritarrekin batera. Txosten honetan jaso dira: alde batetik, 2025-2035 aldirako euskararen plana diseinatzeko egin den prozesua (metodologia, diagnostikoa, prozesuan jasotako edukia) eta, bestetik, Aizarnazabalen euskararen erabilera areagotzeko aurrera begira dituen erronkak eta landu beharreko ildoak eta ekintzak.
Prozesua bera aberasgarria izan da, herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin batera lan egin delako eta, batez ere, horrek berak aukera eman duelako euskara plana gauzatzeko antolaketaren eta egituren inguruan hausnartu, zenbait herritar aktibatu eta proposamen berriak sortzeko. Esan genezake horixe dela prozesu honek eta plan berri honek ekarri duen berritasun nagusia: Gobernantzaren arloa. Azken batean, AROA elkarlanerako proposamen marko bat da, erakunde nahiz eragile sozialen arteko lankidetza sustatzen duena, eta Aizarnazabalen ere hor jarri beharko da bereziki arreta eta indarra plangintzaldi honetan.
Dokumentuak deskargatu
Aizarnazabalen euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa
