Berriak

Atzealdea

Euskaraldia hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da lehen Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean.

2018·03·22


Euskaraz hitz egin eta ulertzen dute herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.

Azken bi urteetan hainbat herritan martxan izan diren dinamikak euskararen lurralde osora zabaldu nahi dituzte antolatzaileek.

Hainbat erakundek eta gizarte eragilek elkarlanean aurkeztu dute euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena.

 

Udalerri euskaldunetan hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!

Euskaraldia euskararen lurralde osorako pentsatuta dagoen ekimena da, baina udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoak bere berezitasunak ditu.

Hainbat udalerri euskaldunetan, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena erabat beharrezkoa da, batez ere euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nahi baino handiagoa den herrietan. Udalerririk euskaldunenetan, ordea, Euskaraldiaren ohiko dinamikaz gain, areago joateko beharra ere nabarmendu dute bateko eta besteko eragileek, batez ere euskararen erabilera altua den udalerrietan. Euskararen arnasguneetan, alegia. Herri horietan, euskaraz aritzea erabat naturala eta ohikoa denez, Euskaraldia hizkuntza ohituren inguruan areago hausnartzeko baliagarria izan daiteke.

Horregatik, udalerri euskaldunetako teknikariekin eta eragileekin gaia landu ostean, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena osatu du UEMAk, udalerri euskaldunetan osagarri gisara lantzeko, Euskaraldiaren ohiko dinamikarekin batera.

Proposamen osagarriaren funtsa, hamaika egunetan hamaika alor lantzea da, bakoitzaren inguruan hamaika konturen inguruan hausnartzeko, hutsuneak ikusarazteko, jokaera eredugarriak nabarmentzeko, edota hamaika konpromiso hartzeko, maila pertsonalean zein kolektiboan.

Azken batean, udalerri euskaldunenetan euskaraz hitz egiten dugu oro har eguneroko jardunean. Beraz, oraindik erdaraz aritzen garen esparruetako hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain, hamaika aldiz areago joateko beharra daukagu. Hamaika aldiz gehiago hausnartzeko.

Egun bakoitzean arlo bati begiratu, benetan euskaraz bizi garen aztertzeko hamaika hausnarketa egin, eta horietan ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ideiak eta ekimenak jarri mahai gainean. Hamaika egiteko arlo bakoitzean, hamaika aldiz gehiago izan gaitezen aurrerantzean ere.